Osteguna, 2018ko azaroak 29a.
Berriz ere
txapeldun
Magnus Carlsenek nagusitasun
eztabaidaezina izan du kitarako partida erdi azkarretan eta munduko tituluari
eutsi dio Fabiano Caruanaren aurka
Magnus Carlsen, eserita, Fabiano Caruanari bostekoa ematen. F. A. / EFE
Magnus Carlsen Nazioarteko Maisu Handi norvegiarrak
laugarren aldiz irabazi du munduko titulua, Fabiano Caruana estatu batuarraren aurkako
finalean. Kitarako partida erdi bizkorretan astindua eman zion atzo (3-0), eta,
27 urte baino ez dituen arren, Londresen hirugarrenez defendatu du 2013an
lorturiko titulua. Hurrengo finala bi urte barru izango da.
Norgehiagoka nagusiko hamabi partidak berdinketarekin amaitu ziren, eta
finalistek lehia amaiera polita lapurtu zioten xake munduari. Partida erdi
bizkorretan, baina, Carlsenek berriro erakutsi zuen xakea odolean daramala.
Litekeena da txapeldunak pentsatzea partida erdi bizkorretan errazago irabaziko
zuela, baina egoera psikologiko txarragoan heldu zen kitarakora, edo hori
zirudien gutxienez. Baina ez. Atzo Carlsenek astindua eman zion Caruanari.
Bigarren mailako jokalari bezala utzi zuen. Lehen hiru partidak nagusitasunez
irabazi zituen eta laugarrena ez zen jokatu behar izan. Mundu osoa aho zabalik
utzita defendatu zuen koroa.
Aurretik, lehia nagusian, eta berdinketez haratago, lehen hamar partidak oso
animatuak izan ziren. Bi jokalariak irabazten saiatu ziren, eta borroka politak
ikusi ziren. Partida batzuk benetan sutsuak izan ziren. Esaterako, lehen
egunean Carlsenek irabazteko aukera ezin hobea izan zuen Baina Caruanak gogor
defendatu zuen bere burua, bide guztiak itxiz. Seigarren partidan, aldiz,
Caruana izan zen puntua lortzeko aukera oso ona galdu zuena.
Hortik aurrera Carlsenek momentu zail batzuk izan zituen. Zortzigarren
partidan, adibidez, oso egoera zail batean, doi-doi saihestu zuen hondamendia,
eta ukituta heldu zen azken partidetara. Agian horregatik 11. partidan ia ez zen
saiatu ezer egiten, eta hamabigarrenean, iragan astelehenean, berdinketa
lotsagarria eskain zion Caruanari. Honek denbora gutxi eta posizio makala
zeukan, baina Carlsenek segur aski ez zuen bere burua posizioa errematatzeko
gai ikusten. Argi zegoen galtzeko benetako beldurra zeukala eta tentsioari ezin
izan ziola eutsi. Gauzak horrela finaleko hamabi partidak berdindu zituzten
historian aurreneko aldiz.
Deskuidua ala estrategia?
Finalak, partidez gain, bere ika-mika kuriosoa izan du. Laugarren txandaren
aurretik Caruanaren xake klubak bideo bat argitaratu zuen. Printzipioz ez zen
ezer berezia, jokalariaren prestakuntzako irudi batzuk baino ez. Irudietako
batzuetan, baina, torneorako prestakuntza zehatzeko hainbat une agertu ziren.
Deskuidu bat izan zen, ala Caruanaren taldeko estrategia Carlsenen
laguntzaileek balizko prestakuntzarekin denbora gastatzeko? Edonola ere bideoa
hortik gutxira ezabatu zuten eta ez norvegiarrak ez estatubatuarrak ez zioten
garrantzia handirik eman gertatutakoari.
https://www.berria.eus/paperekoa/1923/024/001/2018-11-29/berriz_ere_txapeldun.htm